Eneko Maiozen txokoa
Eneko Maiozen txokoa 

2. Urteurrena

Bigarren urteurrena edo seigarrena esan beharko nukeen ez dakit.

 

 

Oso ohikoa izan ohi da instituzioetako legegintzaldi erdiko balorazioak egitea. Nik irakurketa ofizial horietatik haratago joan nahiko nuke eta nere barrutik ateratako hausnarketa bat egin nahiko nuke.

 

Gogoan dut 2011ko udaberria. Betikoak loreak moztu eta moztu ari ziren Euskal Herrira iritsi ez zedin urtaro aldaketa. Hala ere, kimu berriak atera ziren (ginen) eta haize berriak etorri ziren gurera. Esan beharra dago ez zela lan erreza izan ilegalizazioaren desbrozaketa lanen ostean kimu berriak bilatzea. Baina zailtasun guztien gainetik kimu berrien garaia zela argi genuen eta elkarren babesean aurrera egin genuen.

 

Gauzak horrela 2011ko ekainean Orexako alkate nintzen. Talde fresko eta ederra ondoan baina denak ere non sartu ginen ideia gehiegi gabe. Gaur egun ere, oso gogoan dut garai hartan zinegotzi batek zioena: "hau ez duk 100 metroko lasterketa, hau maratoia duk". Oraindik ere kosta egiten zait hau baino esaldi borobilagorik bilatzen Udalean izandako ibilbidea deskribatzeko.

 

Ederki kosta zitzaigun egunerokotasuneko motzetik begiratzeari utzi eta benetako gure herriaren ongizate eta biziraupenari parez pare begiratzen jartzea. Hauxe izan da irakaspenik handiena. Ez gara kudeatzaile teknikorik onenak izango, baina bixta epe luzean dugu eta herri honen biziraupen eta ongizatean. Orexar izateaz harro gaude eta horrelaxe ikustea nahi dugu kanpotik ere. Bere herria eta bere jendea zaintzen duen herria izan nahi dugu. Gizarte zaintzan eredu, jasangarritasunean eredu(ura, energia, ingurumena...), gauden ingurunean eta gure inguruko jendearekin zoriontsuago bizitzeko.

 

Bideak zuloz eta luiziz beteak ditugu baina garenaz harro gaude eta lehentasunak ere oso garbi ditugu. Elkarren babesean zoriontsu izan nahi dugu gure erabakien jabe izanez.

 

Bukatzeko, balorazio pertsonalari dagokionez, ohore bat izaten ari da zuen alkate izatea maratoi luze honetako kilometro gutxi hauetan. Denon artean gauza izugarrik egiten jarraituko dugu.

 

 

 

Enekoren txokoa
Ongi etorri sareko nere txoko txiki honetara. Bertan egunerokoan bizitako hainbat bizipen eta istorio elkarbanatuko ditut zurekin. Gustoko baduzu sartu lasai.

Zabaldu sare sozialetan