Eneko Maiozen txokoa
Eneko Maiozen txokoa 

Asteburuko hausnarketak

Denbora dexente da, buruan dudana lasai eta patxaraz letretara pasatzen ez dudala. Banuen gogoa nere barrukoa azaltzeko inongo galbaerik gabe eta bukatutakoan motxila handi bat utzitakoan bezala arindua egotea espero dut.

 

Juerga osteko igande malkartsu honetan sare sozial eta komunikabidean arakatzen hasi naiz eta hiru berrik kateatu dute nire atentzioa.

 

Lehenengoa, Altsasuko prentsaurrekoaren argazkia izan da. Deialdia baino manifestazio bera ematen zuen. Herri oso bat kalean, egindako muntaia salatzeko. Guardia Zibila harrotza da gure herrian eta aro berri honek hori ez du aldatuko. Memoria dugu eta ez dugu ahazten egindakoa eta oraindik ere gaueko kontrol ilunetan beraien armak erabiltzen dituzte gu kikiltzeko. Horregatik, Altsasuko argazkiak ozen esaten dio begira dagoenari, herri honek bakean bizi nahi duela eta bakea zangotrabatzea beste helbururik ez dutenei mezu argia bidaltzen die. Ez duzue herri honen bake nahia geldiaraziko.

<< Nueva imagen con texto >>

Bigarren argazkia, Mirentxineko furgonetaren istripuarena izan da. Jakitun gara senide askok bizia jokatzen dutela astebururo errepidean beraien senideak ikusteko. Hemen ere bake garaia ez da iritsi dirudienez. Kartzelen giltza duten Estatuek gu ere giltzarrapoan harrapatuta nahi gaituzte. Lehen aipatu bezala bakearen alde egiteko garaia da eta ezin dugu astebururo milaka senideen bizia arriskuan jartzea onartu.

Hirugarrena berriz 31 urteren ondoren Sarriren argazkia dago. Sinbolikoa, pozgarria, mingarria… herri honetan bizi izan dugunaren erretratu bizia. Badakigu nondik gatozen, baino batez ere badakigu nora joan nahi dugun. Bakea eta askatasuna bihotzean eta euskara mihian aurrera egin nahi dugu. Hiru argazki hauek momentuan gauden egoera gordina jartzen digu begi aurrean, baino ez ahaztu argazkiak momentuko erakusle direla eta berauek aldatzea gure esku dagoela.

Enekoren txokoa
Ongi etorri sareko nere txoko txiki honetara. Bertan egunerokoan bizitako hainbat bizipen eta istorio elkarbanatuko ditut zurekin. Gustoko baduzu sartu lasai.

Zabaldu sare sozialetan