Eneko Maiozen txokoa
Eneko Maiozen txokoa 

Agur Urquijo

Gabon giroko egun hauek oso egokiak izan ohi dira bizitzako etapa honetan non gauden, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun patxaraz hausnartzeko. Horrelakoetan gauza asko etorrri ohi dira burura baina azken urteetan data bat dut besteen gainetik markatua: 2011ko ekainak 11.

 

Zerrendak egiteko zailatasunak, ilegalizazioaren mamu etengabea eta milaka arazori aurre egin eta maiatzean hauteskundeetan egon ginen eta espero bezala Orexako udalean lanean sartzea egokitu zitzaigun. Mundu berria denontzat baino ikasteko eta lanerako gogoz.

 

Non sartu ginen ez genekien oso ondo eta egunero zerbait berria ikasten genuen, nahiz eta atzokoaren eta gaurkoaren loturarik ez bilatu. Hasiera zaila izan bazen ere, lan hori errezteko Espainiako erregeorde zela zioen tipo bat azaldu zen. Egia esan behar badut lana ez digu erraztu baina oso garbi utzi digu noraino mugatuak gauden gure Estatu propioa ez edukitzeagatik.

 

Hala ere zoritxarrez, hautetsiok kokotean somatu dugu Urquijoren errepresioa baina ez gara herritarrei horren soluzioa ere gure herriaren independentzia dela transmititzen jakin.

 

Bigarren legegintzaldia izateak ematean duen esperientzia eta patxararekin hala ere balorazio oso positiboa egiten dut. Epaiketa ugaritan sartuarazi gaitu eta hemen ere bai galdu bai irabazitakoak daude.

 

Baina denaren gainetik, partida bat irabazi diogu Urquijo jaunari. Bere burua Espainiako erregeorde bezala aurkezten zuen honek, hauteskundeetan irabazi ezin zuena mehatxu bidez lortu nahi zuen, udal hautetsien autonomia zerora mugatuaz. Eta hor argi eta garbi esan behar dugu ez duela lortu. Orexak bere herri izaera indartu du erasoen aurrean eta gure txikitasunetik, elkarlanean herri hobeago bat eraikitzeari ekin diogu. Erregeorde bat edo beste izan ez du garrantziarik biak baitira arrotz eta prespektiba inposatzaile batetik jarriak. Beraz, oraingoan ere eta partida bat irabazi ostean sentitzen den indarrarrekin, garbi esango diegu Orexak hor jarraituko duela partehartzea sustatuz, auzolanean eta euskaraz bere baliabideak bere erara kudeatuaz.

 

Has dadila Orexatik herri honen askatasunerako bidea.

 

Enekoren txokoa
Ongi etorri sareko nere txoko txiki honetara. Bertan egunerokoan bizitako hainbat bizipen eta istorio elkarbanatuko ditut zurekin. Gustoko baduzu sartu lasai.

Zabaldu sare sozialetan