Eneko Maiozen txokoa
Eneko Maiozen txokoa 

Ustezko askatasuna

Behin eta berriz entzun ohi izan dugu, erabat askeak garela gure erabakiak hartzeko. Are gehiago mundu globalizatuan estatuak indarra galtzen ari direla ente handiagoen mesedetan eta beraz, estatu propio bat izatean gaur egun ez duela zentzurik. Ez dugu urrutira joan beharrik horrelakoak entzuteko, Ajuria Enean bizi den batek ere oso antzeko diskurtsoa baitu. Azken egunetan albiste mordoa izan ditugu gurean teoria hauek hankaz gora jartzen dituztenak.

 

Zer nolak askatasuna dugu, gure herrian Udal eraikin batean zezenketak egin ala ez erabaki ezin denean? Udal eskumena da nabarmen udal eraikinen erabilera. Horretarako partehartze ordenantza bat onartu zuen Donostiako Udalbatzak aho batez. Hau bertan behera uztea gutxi balitz Espainiako Gobernuak galdeketa bera egitea ere debekatu du.

 

Bigarren adibidea berriz Ezkion dugu. Aldundiaren babesarekin Ezkiok Itsasotik banantzea erabaki du galdeketa baten bidez. Hara non, hemen ere Espainiako Gobernuak ezezkoa esan du razionalizazio legean oinarriturik.

 

Hirugarrena berriz, Euskalduna naiz eta zer? programaren haritik dator. Gure telebista publikoan zer emititzen den erabakitzeko ere ez omen gara adin nagusikoak.

 

Euskal autonomismoaren oasiaren kondaira ez dago sinisterik. Partehartzea dela eta Udal legearen interpretazioei esker legearen inspiritua mantendu zela saldu nahi izan ziguten. Razionalizazio legearekin berriz, gure "berezitasunak" bermatuak zeudela ere esan ziguten. Azkenean denborak ke saltzaileak bere lekuan jarri ditu. Ezinezkoa da gobernu arrotz batekin elkarlanik egitea. Benetako autogobernua bat eta bakarra da. Bakoitzaren erabakiak gauzatzeko tresnarik eraginkorrena estatu propio bat izatea da. Hortik aurrerako guztiak ameskeriak besterik ez dira.

 

Ez dut niregatik inork erabakitzea nahi. Ziur nago erabaki okerrak hartuta ere hobe dela gure artean harturiko erabakia kanpotik inposatua datorrena baino. Oraindik ez dut ikusi bere estatu propio lortu eta hura ukatu duen herririk. Beraz,  ekin diezaiogun lan horri eta utz ditzagun partxe txikiak jartzeari eta beste batzuen estatuan gure lekutxoa bilatzeari.

Enekoren txokoa
Ongi etorri sareko nere txoko txiki honetara. Bertan egunerokoan bizitako hainbat bizipen eta istorio elkarbanatuko ditut zurekin. Gustoko baduzu sartu lasai.

Zabaldu sare sozialetan